XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) baina honek ez zuen ezer esaten, ez zitzaion inportik, adi adi egoten zen entzuten eta beste mahaikideen portaera eta erantzunen zain.

Arraultzak, esnea eta haragia Jon Mikelek ekartzen zizkion Charlyri eta aitzakia horrekin eta bera ere mutilzarra zela aprobetxatuz, eta bakarrik zegoela munduan, ia gauero geratzen zen afaltzera edo zerbait hartzera jatetxean.

Alderdi nazionalista bateko zinegotzia zen herriko udaletxean, berak zioenez aita zena eta aitona zenaren alderdi berekoa, eta agian horregatik ez zuen kasik politika konturik aipatzen, jan eta edateko kontuak ziren bere gogokoenak eta hauekin batera, noski, emakume kontuak.

Bi gai nagusi hauetan zen aditua eta umore handiz kontatzen zituen istorioak.

Beti hasten zen jan-edan kontuekin eta giroa berotzen zenean, entzuleak arreta batean jarrita zeuzkanean, orduantxe ekingo zion nesken kontuei, eta orduan bai, orduan ez zitzaion inportik izaten bere burua barregarri uztea, ezta besteen barru-barruko istorioak jakinaraztea ere, gu denon bozkariorako.

Hiltegian ikusitako kontuekin hasten zen beti, zaldiak nola akabatzen zituzten kontatuz, gero esplikatzen zigun nola bereizi zaldiki ona eta jan behar ez zena.

Ondoren txerrien kontuekin jarraituko zuen, segidan ardikien berezitasunak argitzen zizkigun eta horrela jotzen zuen aurrera harategi batean aurki daitekeen guztiaren gorabeherak argituz.

Beste pasadizo bat kontatu gabe ez zuen etsiko, nik askotan entzundakoa bestalde, hots, sozietate batean behin hiriburutik etorritako harroputz batzuei ez zuen esplikatzen ordea zein hiriburutik iritsiak ziren nola kozinatu zien katua haiek erbia jaten ari zirela uste izan zutelarik.

Oraingoan azaltzen ari zitzaigun Jon Mikel txerria hiltzeko modurik garbi eta egokiena zein zen bere ustez, bereziki gero odolki eta lukainka apartak lortu nahi baziren.

Behin baino gehiagotan entzuna nion gauza bera eta ez nion kasu gehigirik egiten.